7 pertsonen ideien konbinazioz hodei bat sortzea ez da lan erraza izan, baina azkenean... egina dago!!
Arkitekturan dauden hodei ugarien adibideak ikusita, hasiera batean hodei izaera hobekien deskribatzen duen elementua erabiltzea erabaki genuen: globoa, horretarako Madrilgo 11-M-ko biktimen omenez eraikitako monumentuan oinarrituz.
Ideia erakargarria zen; alde batetik barruko globoaren materialaren (efte-a) malgutasunak, Valbuenako elizaren gangei berezko forma emateko bidea ematen zigun, ebaketa nahiko erreala sortuz, material guztiz ezberdin batekin, eta bestetik kanpotik beste itxitura edo azal baten beharra izateak, bi itxura ezberdin sortzea ahalbidetzen zigun.
Hala ere, maketan pentsatzen hastean, arazoak etorri ziren. Egitura oinarritzat zuen ariketa batetarako, egitura fisikorik gabeko maketa bat egitea ez zen egokiena; batez ere, guk ere ez genekielako aurrera nola jarraitu.
Beraz, nahiz eta ideia guztiok gustoko izan, bide hau baztertzea erabaki genuen. Gerora, ibardin zerbitzu gunean erabiltzen ari diren portikoak etorri zitzaizkigun burura, baina ideiari buelta batzuk eman ostean, hau ere bazterturik geratu zen.
Hurrengo inspirazio iturri bezala, Lancashiren kokatutako soinu-zuhaitza erabili genuen. Oinarri fin batetik hasi eta goruntz joan ahala, horizontalean ere zabalduz joango zen irudia eratuko luke.
Maketarekin probak egin ostean, sinplifikazio batera pasa ginen, zeinak era berean, azkenean izango zen hodeira bideratuko gintuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario